Durangoko egoera ez da ona: kale erabilera datuak kezkagarriak dira, hizkuntza politikak zaharkituta daude, gainera, egoera soziolinguistiko berriek eta digitalizazioak erronka handiak jarri dizkigute parez pare. Administrazio publikoak ezinbestean aktiboki eragin behar du, eragile izan behar da, ez kudeatzaile. Baliabide zehatzak behar ditugu, plan zehatzei erantzungo dietenak. Durangoko Udalak, baina, testuinguru honetan, euskara teknikari postua amortizatuko du eta hezkuntza eta herrigintzaren koordinazioa egingo duen langileari egotziko dizkio euskara teknikariaren funtzioak. Dagoena kudeatzetik haratago, zaila izango da lanpostu hau beteko duen funtzionarioak ezer berririk proposatzeko denbora izatea. Ez dakigu ezezagutzatik hartutako erabakia den edo epe laburreko begiradarekin jardutearen ondorio, baina, aurrerantzean, ezaugarri bertsuak dituzten gainontzeko herriek baino baliabide gutxiago izango ditu Durangok. Ez dugu uste gobernu taldearen aldetik euskararen kontrako asmo txarrik dagoenik, baina, hala ere, gertatuko dena larria da. Saiatu gaitezen, herritar zein eragile, egoera bere onera ekartzen.