Ilusioa eta gogoa bazeuden arren, gauzak ez dira amestu bezala joan. Askok izango dugu, nik badut behintzat, behar beste egin ez izanaren edo behar beste asmatu ez izanaren arantza barruan. Kulpa kristauak baina, ez du askorako balio, beraz, jar gaitezen aukerei begira. Eraikina hor dago eta hasieran zeuden baldintza asko mantentzen dira gaur egun. Udal gobernuak enpresa batek egin duen txosten bat aurkeztu du duela aste batzuk. Eraikinak ematen dituen aukerak azaltzen dira lan honetan; erabilera eta proiektu posibleak, horretarako egin beharreko hainbat konponketa eta instalazioen eraldaketak, besteak beste. Kudeaketaren inguruan, aldiz, argiak baino ilunak gehiago. Proiektua Durangon errotu behar da, ezin da Landako Gunea bezalako azpiegitura bat izan. Gainera, eraikin publikoak esku pribatuetan, inolako kontrolik gabe jartzen direnean badakigu zer gertatzen den. Forma juridiko ezberdinek izan dezakete lekua Plateruenan, aurreko fasean ere izan zuten, baina nekez egin daiteke gisa honetako proiektu bat, herritarren parte hartze aktibo eta pertenentzia sentimendu indartsurik barik. Gonbidapena egin nahi dizuet, Azokako fokuak itzaltzen direnean proiektu duin bat martxan jartzeko.