Laster txupinazoa

Durangoko jaiak ate joka ditugun honetan, nostalgia apur bat.

Akortatzen naiz txosnetan egin nuen lehenengo turnoaz, kañeroko bits kontrolaezinaz, tragoa ordaindu nahi ez zuen “lagunaz”, Pinondoko lokatzaz eta kontua kalkulatzeko prezio biderkatuen taulaz (garai hartan zuritoa 70 zentimoan zegoen eta denok dakigu zazpiko taula zailena dela).

Akordatzen naiz asko entseatu gabe oholtza gainera kontzertu bat jotzera igo ziren lagunez, karpako karaokeaz, gazte eguneko sagardo epelaz, irabazi ez genuen tortilla txapelketaz eta paella egunera berandu iritsi eta tripa betetzeko Intxaurreko paellan infiltratzeaz. Akordatzen naiz erreka jaitsierako giroaz, lehenengoz jantzi nuen Ourdaybiko neopreno umelaz eta hurrengo eguneko katarroaz.

Denok ditugu jaietako bizipen eta anekdotak, horietako asko elkarte eta eragileek egindako lanaren ondorioz antolatzen diren ekintzetakoak dira. Durangon, beste herri askotan bezala, badago ohitura jaien parte aktibo izateko, ekintza eta guneak antolatzeko, zoritxarrez ez dute askotan merezi duten aitortza jasotzen. Nire ustez, udalari badagokio lan hau erraztea eta udal ordezkarioi badagokigu lan hau eskertzea. Asteon kargua hartzean Mexikoko presidenteak esan duen bezala, “amor con amor se paga”; beraz, eskerrik asko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!