Abuztua bukatzen ari da eta badator ikasturte hasiera. Sasoi hau zereginak planifikatu eta aurrera begirako erronken inguruan hausnartzeko momentua izan ohi da, baina nork bere bizitza ordenatzeko erabakiak hartzeaz gain, ondo legoke herri bezala orain artekoen inguruan hausnartu eta zein bidetik joan nahi dugun erabakitzea.
Durangoren azken hiru hamarkadetako garapen eredua ekonomia familiarra baino sinpleagoa izan da. Lur publikoa etxebizitzen eraikuntza proiektuei saldu eta hortik jasotako dirua zerbitzuetara bideratutako azpiegituren eraikuntza eta mantenurako erabili da.
Eraiki gabeko lurrik ez dago apenas, eta hamarkada baten gutxi gorabehera etxebizitzara bideratutako lursailik ez da egongo; beraz, momentu egokia da nondik eta nola biziko garen hausnartzeko. Eztabaidak zintzoa eta kolektiboa izan behar du eta ezinbestekoa izango da udalaren funtzioa; bestela, inertziak kudeatzen ibiliko gara norabide gabe.