Bikain

Durangon dena doa bikain, Mañariko kanteretako porlana bezala, Bikain. Pena daukat herri ereduen arteko eztabaidarik ez dagoelako Durangon, eta, zoritxarrez, ez dut uste eztabaida hori pizteko ahalmena izango duenik zutabe honek, oxala. Eraikinak egin, bota, egin, bota, egin... zirkulu biziosoan sartuta egon den herria da Durango, eta, antza denez, ez gara hortik atera.

Azken adibide batekin bueltaka nabil asteon, Eguzkitza goiena izeneko zonaldean, Tabiratik gora, mendirantz bidean, etxeak egitea aurreikusita dago, hor ere bai. Ez nago ados eta EH Bildutik ere ez gaude ados. Durangarron kontroletik kanpoko hazkuntza mugagabea ez dugu uste hirigintza eredu egoki baterako bidea denik eta ez dugu uste denontzako bizi kalitate ona ekarriko duenik proiektu honek, baina kontrako iritziak ere zilegi dira, noski.

Horregatik, zelako Durango nahi dugun publikoki eztabaidatzea eta posizioak argi azaltzea ezinbestekoa iruditzen zait. Argudio ezberdinak entzun, eta bertan bizi garenok gure herria nolakoa izango den pentsatzeko eta erabakitzeko aukera izan behar dugu. Honetarako informazioa eta parte hartzeko espazioak izatea ezinbestekoa da, eta hau administrazio publikoak bermatu behar du; kasu honetan, Durangoko Udalak.

Orain ari gara hurrengo hamarkadetan izango dugun herria zelakoa izango den erabakitzen. Zenbat etxe, zelakoak, non, norentzat... Durango fisikoki nolakoa izango den eta bertan zelan biziko garen pentsatu behar dugu eta hau ezin da bulego itxietan egin. Bestelako eredu baten alde gaudenon parte hartzea eta ekarpena ezinbestekoak dira momentu honetan; bestela, herritarron ongizatean baino gehiago, beste interes batzuen arabera egingo dira planak, eta garapenari Bikain esango diogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!