Durango, helburu eta filosofia honen arabera eraikitzeko konpromisoa hartu genuen udaleko talde politiko guztiok joan den legegintzaldian. Errespetuan eta zaintzan oinarritutako harremanak eraikitzea, herriaren eraldaketan oinezkoei lehentasuna ematea eta haurren mugimendu autonomia bultzatzea. Printzipio hauek oinarri hartuta, hainbat ekimen eta prozesu jarri ziren martxan, horien artean “eskolara oinez” dinamika. Herritarren artean harreman sareak osatu eta adin txikikoak eskolara oinez bakarrik joateko ahalduntze bat ematea zen helburua. Haurren mugimendu askatasuna berreskuratzeko harremanak sustatu eta herri txikiagoetan ohikoa dena berreskuratzea. Udaletik hartu den azken erabakia, filosofia eta logika honen kontra, enpresa bati kudeaketa esleitu, bide eta ordutegi batzuk definitu eta begirale batzuk kontratatzea.
Batzuetan nahasmena sortzen duen arren, kolaborazioa eta kontratazioa ez dira gauza bera, beraz, bereizi ditzagun publiko-pribatua eta publiko-komunitarioa, eta ez diru irabazi asmoetan bakarrik.
Bizitzaren azpikontratazioaren eta kontsumoan oinarritutako aisialdiaren apologiaren garaiotan, prozesuak inoiz baino garrantzitsuagoak dira, helmugari balioa eta bizitzari zentzua ematen diotelako. Eutsi diezaiogun beraz bideari.