Hauek dira nire printzipioak, baina gustatzen ez bazaizkizu, beste batzuk ditut

Bada aspaldian arduratzen nauen gai bat. Alderdi politikoen artean, instituzioetan eztabaidak eman behar direnean, izan Legebiltzarrean, Diputazioan edo Durangoko Udalean, ez dut lortzen gobernuan daudenen norabidea ulertzea. Ez dago bihar-etzi nora joan nahi dutenaren zehaztasunik, noraeza ikusten dut, adierazpen batzuekin ados egon naiteke eta desados neurri gehienekin, baina zaila egiten zait planteatzen duten eredua zein den ulertzea.

Durangoko udal gobernuaren proposamen, adierazpen eta erabakietan kontrajarriak diren elementuak daude etengabe. Hau horrela izanda, zaila da eztabaida politiko batean murgiltzea edo posizionatzea. Argigarriak diren adibide batzuk jartzearren: merkatu plazako obra bai baina dinamizaziorako planik ez. Adierazpen zehatzetara joanda berriz: “Auzoguneak ez dira gure eredua”, “ San Faustoko Kapitanenako proiektua ez dago gure lehentasunetan”, baina aldi berean, “ez dugu esan zentro zibikoak egingo ez ditugunik".

Eskaera bat hemendik: egin proposamen argiak, azaldu zuen bideorria eta eztabaidatu dezagun eraiki nahi dugun herri ereduaren inguruan. EH Bildun badaukagu norabidea eta baditugu herritarrekin ondu nahi ditugun proposamen zehatzak. Prest gaude erronka honi heltzeko eta uste dugu oinarri horretatik abiatuta soilik ireki daitezkeela parte hartzerako espazio baliagarriak; beste aukera, momentuko inprobizazioa eta noraeza dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!