Lourdes Iriondo gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2017ko abe. 28a, 19:25
Orain dela 12 urte joan zen gure artetik, Euskal Herriko Joan Baez goitizena zuen emakumea, Lourdes Iriondo Mujika kantari eta idazle Donostiarra, 2005eko abenduaren 27an, 68 urte zituela.

Euskal Kantagintza Berriari lehen taupadak ematen lagundu zion Lourdes Iriondok. Aitzindaria izan zen 60ko hamarkadan. Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat jendaurrean aritzea, oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Lourdesek urrats hori eman eta askoren miresmena lortu zuen. Jose Angel Irigarairen esanetan, "jendea ez da konturatzen zer zen Lourdes Iriondo 60ko hamarkadan. Eszenatokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen”. 

 

Egia esan, neuk ere horrelaxe gogoratzen ditut Lourdesen saioak, lilura eta emozioz beteak.  Gure sasoiko, nork ez du gogoraten Lourdesen ahots gozoa eta indartsua?  Iriondoren “Gazte gera gazte” "Askatasuna zertarako" eta beste hainbeste abesti eder ahaztezinak dira niretzat. Gogoan dut abesti hauek zirela-eta arazoak izan zituelazentsurarekin.

 

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen,Andoainen. Arrakasta handia lortuta handik aurrera Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. Hori bai, gezurra dirudien arren, entzuleen hainbat kritika jaso zituen  gitarra espainolarekin euskaraz abesteagatik, halere, denbora igaro ahala, oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 kantaldi inguru izan ziren. Hurrengo urteetan ere etengabe jarraitu zuen kantari.  

 

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat ere izan zen; bileretan hasieratik hartu zuen parte. Dena den, gainerako partaide gehienak ez bezala, ordurako kantari ezaguna zen Iriondo. Hainbat disko grabatu zituen bai bakarrik, baita bere senarra izan zen Xabier Leterekin. 

 

1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Lete, Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen Lourdes Iriondoren azkenengo emanaldia. Osasun makalegia zuen kontzertuz kontzertu ibiltzeko. Handik aurrera, literatura, ikastola eta parrokia izango ziren Iriondoren zeregin nagusiak. Haurrekin zaletasun berezia zuen, eta haientzako hainbat liburu argitaratu zituen. 

 

Txikitatik bizi izan zen herrian, Urnietan,  parke batek “Lourdes Iriondo” izena darama gaur egun. 

https://eu.wikipedia.org/wiki/Lourdes_Iriondo

https://www.youtube.com/watch?v=TXA8jZnAID4

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!