Durangoko aratusteak

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2017ko ots. 27a, 16:00

Surrandi Konpartsaren 18. edizioa izan da aurtengoa. Eguraldia lagun, inoizko umoretsuena eta jendetsuena izan da.

Aurreko urteetan lez, Surrandien Konpartsa, hartz eta guzti irten zen zapatu karnabalez Durangon. Surrandi helduak eguerdian hasi ziren motorrak berotzen trikitilarien musikarekin. Dantza eta alaitasuna ez zen falta izan. Ondoren, indarberritzeko, surrandien lagunarteko bazkaria egin zuten.

Arratsaldeko hitzordua 18:00etan Merkatu Plaza osteko dantzarien entsaio lekuan jarrita zegoen. Txokolate eta gailetak egon ziren inguratu ziren guztientzat. Puxika banaketa eta talde argazkia egin ostean, Durangoko kaleetan barrena ibili ziren konpartsako partaideak jendea alaitzen eta astintzen. Jaizale Taldeko txistularien eta Durangoko Tabira Bandako Musikarien laguntzagaz.

Gizarte globalizatu honetan aspaldiko ohitura eta usadioak jagotea erraza ez den arren, ekitea lakorik ez dago.  Hortxe urteetako ahalegina. Bateko maskara tailerrak, besteko sortzaileen ekarpenak: Jesus Egiguren, Ander Ertzilla, Ane Belaustegi, Ixone Aroma eta Unai Iturriagarenak, beste beste. Ezin ahaztu Jaizale taldearen ekimenez grabatutako diskoa. Irakasleek eskoletan egiten duten lana ere ari da bere uzta ematen.

Talde lanari eta auzolanari esker durangarrok bagoaz aurrera antzinako aratusteetako Surrandiak berreskuratzen. Egia esan, ondo pasatzeko ez da diru askorik behar, ez da mozorro sofistikaturik zertan jantzi. Musika, dantza eta umorea gurean nagusi."Surrandi, surrandi, kalean gora eta be(h)era, surrandi, surrandi gaur Durangon nagusi".

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!