Aurtengo ekitaldian emakumeek protagonismo berezia izango dute. 40 emakume omenduko dituzte. Kolpe militar faxistaren aurkako borrokan erresistentziako kide izan ziren emakumeak eta honen ondorengo diktaduraren aurkako erresistentzian parte hartzeagatik errepresaliatuak izan zirenak.
Zelanbait, hainbat arlotan emakumeen erresistentzia nolakoa izan zen irudikatzen saiatuko dira; emakume milizianoak, laguntzaile lanean aritu zirenak, erretaguardian erizain lanetan jardun zutenak, lubakiak egiten ibili zirenak, espetxealdia jasan zutenak, fusilatuak, bonbardaketetan hil edo zauritu zirenak, erreportariak, erbesteratuak, deportatuak, bortxatuak izan zirenak, ilea moztu zietenak edota, errezino-olioa edanarazi zietenak, besteak beste.
Iñigo Arregiren Egiaren iturria izeneko artelana jasoko dute aurtengo omenduek. Omenaldi ekitaldia 13:00etan izango da, Elgetako Frontoian.
Edozein arlotan, zoritxarrez, emakumeen lana zein ahalegina sarri askotan isilean geratzen da, baina jakin badakigu, gerra garaietan ere emakumeek egiten duten borroka eta jasotzen duten jazarpena oso gogorra izaten dela behin baino gehiagotan.
Halanda ze, pauso garrantzitsua iruditzen zait elgetarrek emakumeen oroimena, duintasuna eta borroka kontuan hartuz haiei omenaldia egitea.