Aspaldikoak dira Durangoko Karnabalak. Uriko Aratusteen lehenengo aipamen ezagunak XVII. mendekoak dira. Aratusteetako bereizgarri nagusia berriz, Surrandien konpartsa dela esan daiteke. Pertsonaia honen nondik norakoa edo jatorriaren zehaztasunik ez dugun arren, funtsean badauka antzik beste inauteri batzuetan ikusten ditugun pertsonaien janzkera eta rolarekin: abarkak, arranak, animalia irudikatzeak eta batez be, gehiegikeriekin.
Gerrostean Surrandiak zein Hartza lozorroan luzaroan izan genituen, harik eta ekintzale batzuk berreskuratze lanetan hasi arte. Kurutziaga ikastola izan zen aitzindaria. Kriskitin dantza taldeak berriz, 2000. urtean ekin zion berreskuratze lan honi. Harrezkero, Surrandiak eta Hartza berriro ikus daitezke Durangon kalerik kale zapatu karnabalez.
2016ko otsailaren 6rako programa:
-
12:00. Surrandien triki-poteoa
-
18:00. Txokolatea banatuko da dantza entsaio lekuan. Bitartean txistulariek, Durangoko aratusteetarako, Jesus Egiguren, Ander Ertzilla eta Ane Belaustegi musikariek sortutako doinuak joko dituzte.
-
Ondoren, Surrandi konpartsaren irteera, Hartza lagun dela.
-
20:00. Andra Mariko elizpean amaiera.
Pare bat orduz eguneroko monotonia, kezka eta asperdura ahaztu gura badituzue, erduzie gugaz konpartsan.