Eutanasia

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko urr. 16a, 08:30

Heriotzaz berba egitea gogorra da eta sarritan baztertu edo ahaztu egin gura izaten dogu baina,  heriotza bizitzaren parte da eta duintasunez hiltzeko eskubidea izan beharko geunke guztiok, lege egokien bidez. Egia esan aspaldion gai honek hautsak astintzen dihardu han-hor-hemen.


Oraintsu Galiziako 12 urteko Andrea neskatoaren gurasoek heuren alabarentzako heriotza duinaren aldeko borroka gogorra egin dabe. Baionan barriz, Nicolas Bonnemaison medikua epaitzen hasiko dira barriro zazpi gaixo hiltzea leporatuta. Asturiasko fiskaltzak be sei urteko kartzela zigorra eskatzen dau eutanasiaren aldeko elkarteko bateko kideentzat 2012an emakume bati hiltzen laguntzeagatik.

Gai honetan adituak direnen iritziz ostera; eutanasiak ez deutso inori minik egiten; legerik ezak, bai. Duintasunez hil gura dauenak horretarako autonomia behar dau eta arauak jartzeko sasoia da gizartearen behar bati erantzuten deutso-eta. Gaia jorratzeko ausardia falta da baina, ez dagigun ahaztu: gaixoak be herritarrak dira eta politikariak behartuta dagoz esku hartzera eta gai honi adarretatik heltzera.

Esate baterako Belgikan 2002an arautu eben eutanasia: nork jaso ahal dauen, zein baldintzatan, juridikoki zelako mugak jarri behar diren gehiegikeriak baztertzeko. Han, txarto pasatzen ari bada, gaixoak botika konposatu bat jasotzeko laguntza eskatu leike. Belgikan ez eze, Herbehereetan, Luxenburgon eta Suitzan be legeztatuta dago eutanasia. Noizko gurean?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!