Matxistak gortuta

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko urr. 5a, 21:52

Emakumeok inoizkorik ozenen egin dugu oihu egunokaz. Emakumeen Mundu Martxan GURE GORPUTZAK, GEURE TERRITORIOAK aldarrikatu dogu Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Zapatuan Durangon, eguzki epeletan, hainbat ahots entzun ziren, atzo Bilbon euripean be ez ginen isildu. Galiziarrei lekukoa eman eta martxan jarraitzeko konpromisua hartu genuen, harik eta libre izan arte.

Egun hauetako bilera eta ekintzetan energia kargatu dogu eta indartsu esnatu gara gaur, baina zoritxarrez zeruertzeko laino ilunak bezain beltzak izan dira astelehen honetako berriak. Matxistak gortuta daude antza, ez dute ulertu gure gorputzak geureak direnik. Ez dute onartu gura emakumeok libreak izan nahi dogula.

Gaur Erandion 39 urteko emakume bat agertu da hilik, badirudi bere bikotekidea izan dela erasotzailea. Murtzian berriz 23 urteko bat hil du bere bikoteak golpeka. Vigon 33 urteko emaztea haren senarrak. Leonen ostera larogehitakaz urteko gizon batek 75 urteko bere emazte ohia larriki zauritu du labana batez.

Zer egin egoera honen aurrean? Feministok borrokan jarraituko dogu. Durangon, urriaren 7rako,  konzentrazio deia egin dute Bilgune Feministakoek. Hitzordua 20:00. Lekua Ezkurdi. Ostegunean berriz, astero lez Andereak elizpean izango dira ordu berean.

Badakigu konzentratzea ez dela nahikoa, neurri eraginkorragoak asmatu beharko direla, besteak beste, parekidetasunean hazi eta hezi; etxean, eskolan zein gizarteko edozein alorretan. Zoritxarrez hortik urrun gaude oraindik baina, martxan gaude eta lortuko dugu. Hori bai, denon ahalegina beharko da, gizon zein emakumeona.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!