Bizikleta

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko eka. 12a, 08:30

Bizikletak protagonismoa izan du egunokaz gure inguruan. Ikustekoa izan da astegoienean bizikleta eskolek Durangon antolatutako ekitaldian parte duen ume kopurua. Aipagarria eta pozgarria Iurretan hasiera eman zaion Euskal Emakumeen Bira ere.


Elorrion, asteon eman duten Bizikletak vs Kotxeak dokumental interesgarriaren  egilearen ustez, munduko hainbat lekutan kotxeak hiriak jaten dituen sasoi honetan, bizikleta izan daiteke soluzio bidea.

Gure erkidegoko etxeen %49an gutxienez bizikleta bat ei dago, eta populazioaren erdiak dauka kotxea. Beharginen %56k lantokia etxetik 5 km baino gutxiagora izan arren, askok kotxea erabiltzen du. Joan-etorri horietan bizikleta erabiliko balitz, ostera, atmosferara jaurtitzen den CO2 kopurua nabarmen gutxituko litzateke.

Halan zein holan, gure ohiturak aldatzeko erraztasunak eta baliabideak beharrezkoak dira. Lehenengo eta behin, garraio publikoagaz konektatutako bidegorri egokiak beharko genituzke, baita bizikletak aparkatzeko leku aproposak ere. Gurean, tamalez, bidegorrietan barik, herritar arruntok inoiz inora eramango ez gaituen trenarentzat bide erraldoiak egiten xahutzen dugu dirua.

Eta zer esan Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak darabilen ideiaz? Antza denez, bizikleta erabiltzaileentzat asegurua, gidabaimena eta antzekoak jartzeko asmoren bat darabil. Zalantza barik, horrelako neurriek bizikletaren erabilera moteldu egingo dute, kotxe saltzaileen mesedetan eta ingurumenaren kaltetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!