Errigorako kontserba loteak eskatzeko epea hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko mai. 14a, 07:48
Ekimenaren errigora.eus-etik hartutako argazkia

Nafarroatik datorkigu oihartzuna: Ekintza txikiekin helburu handiak, oraingoan kontserba loteak eskutik eskura. Gure arbasoek zuten auzolan ereduaren bidez ingurumena zaintzeko eta nekazari nafarrei laguntzeko aukera bikaina.

Otsailean 3.000 despentsa Nafarroako 45.500 litro olioz bete ostean, kontserba loteen txanda izango da maiatzaren 14tik 26ra. Nafarroa hegoaldean ekoiztutako 6 kontserba lote eskaintzen dizkigute, auzolanean, ingurumenari eta elikagaien sektoreko langileei begirunea galdu gabe eta euskaraz kontsumitzeko aukera luzatuz.

Nafarroa hegoaldeko uzta, eskutik eskura proposamenaren bigarren kanpaina honetan barazki menestra, potxak, pikillo piperrak (ekologikoak eta konbentzionalak), zainzuriak eta orburuak eskatzeko aukera dugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan, Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktu hauek Euskal Herri osoan zabalduz.

Bertoko produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da #ESKUTIKeskura, kontsumo arduratsuago batera salto egitekoa. Urtean behin oliba olioa (otsailean) eta kontserba loteak (maiatzean) eskatzeko aukera eskaintzen du Errigorak, kontsumitzaileei despentsak urte guztirako betetzeko gonbitea luzatuz.

Errigoraren sareari esker, edo, bestela esanda, auzolanari esker, produktuok ekoizleen etxean duten prezio berdinean eskaintzen dira kontsumitzaileon herrian bertan. Eskaera egiteko Maiatzaren 14tik 26ra Euskal Herriko hainbat herritan banatuko den esku-orria betez ala, epe berean, Errigora webguneko inprimakiaren bitartez eskatu ahal izango dira kontserba loteak.

Nafarrek dioten bezala, ekintza txikiekin helburu handiak lor ditzakegulakoan nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!