Elizaren zergak

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko api. 17a, 08:30

Gazte ginela “eliza pobre denontzat hobea” kantatu genuen behin baino gehiagotan. Aldaketa garaia zetorrelakoan, elizaren pribilegioen aurkako zelanbaiteko oihu bihurtu zen abestia. Elizak, ordea, bere urre eta ingurumariekin jarraitu zuen, eta asko eta asko fedea galdu eta aldendu egin ginen.

Edozelan be, sinesgabe izateak ez gaitu Eliza katolikoari ordaintzen dizkiogun zergetatik libratu. Sinestedun ala laizista, gure soldata edo errenta aitorpenetik kentzen diguten dirutik, “katolikoki” ordaindu behar ditugu, esate baterako, Osakidetzaren ospitaletako zerbitzu erlijiosoengatiko 545.000 euroak edota espetxeetako 300.000 euroak. Gainera, horri eskoletako erlijio irakasleen eta elizgizonen soldatak gehitu behar dizkiogu, besteak beste.

Laster dator errenta aitorpena egiteko garaia; bertan bizkaitarrok 0,7a Eliza katolikoari edo elkarte sozial bati eman nahi diogun markatu ahalko dugu. Eta zer gertatzen da eginda heltzen zaizkigun aitorpenekin? Hemen dago gakoa. Aldundiak bidalitakoarekin ados bagaude, horrela joango dira aurrera, eta, antza denez, horietan guztietan Aldundiak egiten du aukera, eta 0,7 hori elizari ematen dio.

Estatu laikoan bizi garela diote, baina elizari ordaindu beharrekoak garesti samar irteten zaizkigu, kontuan izanda, gainera, denon artean mantentzen dugun eliza horretara joaten den jende kopuru urria. Halan zein holan, elizaren zenbait gastutatik ez gaitu inork erraz libratuko, baina behintzat, ea geuk aukeratzen dugun 0,7 hori nori eman.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!