Gero eta pobreago

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2015ko urt. 23a, 08:30

Orain dela gutxi, amama bati zera entzun nion: “Gero eta pobreago bizi gara, ume”, “ez dago dirurik”. Aldamenetik iloba gazteak “dirua egon badago, amama, baina txarto banatuta”, erantzun zion.


Gazteak arrazoi zuelakoan nago, egun hauetan Oxfam erakundeak argitaratu dituen datuak ikusita. Izan ere, txosten horietan azaltzen denez, munduko biztanleen %1ek bere esku ditu munduko ondasunen erdiak baino gehiago, gainerako herritarren %99ari, ostera, aberastasunen gainontzeko erdia baino gutxiago heltzen zaie.

Horrez gain, txostenean agertzen da bederatzi pertsonatik batek ez duela elikatzeko lain janari, eta 1.000 milioi lagunek egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizirauten dutela, dirudun asko botika-industriatik, aseguruetatik eta finantza-jardueretatik aberasten ari den bitartean. Pobreen kontura hain zuzen.

Antza denez, Oxfamek Suitzako Davosen asteon bilduko den Munduko Ekonomia Forora begira argitaratu ditu goiko datuok. Halan zein holan, badirudi bilera horretako gai nagusien artean ezberdintasun sozialentzat ez dela lekurik egongo.

Beharbada, urrutiegi geratuko zaie pobrezia eta berdintasuna bilerara 1.700 hegazkin pribatutan iritsiko diren 40 estatu buruei eta 2.500 goi mailako exekutibori.

Nire iritziz, gutxi batzuek dirutan igeri egingo duten bitartean, beste askok eta askok miseria gorrian bizi beharko dute, ezberdintasunak gero eta handiagoak izango dira, agintariak eta sistema bera aldatzen ez badugu behintzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!