Mezu potoloa otu zait, baina zer da Errigora? Zuetariko askok badakizue honezkero, aurretik egin diren kanpainetan parte aktiboa hartu duzuelako, baina, honetan berriak garenontzat, labur esateko, Errigora auzolana da. Auzolan horren bidez, Nafarroa hegoaldeko nekazaritza eta euskalgintza bultzatu nahi dira.
Udagoineko kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saski bikaina eskuratu dezakegu 50 euroren truke. Merkatuko prezio berean, baina ezberdintasun batekin: %25 euskarari bideratuko zaio, era honetan, keinu bakarrean euskararen eta elikadura burujabetzaren alde egiteko aukera eskaintzen digu Errigorak.
Egia esan, beti eskean ibiltzea gogorra eta astuna den arren, uste dut ekimen honek merezi duela ahalegintxoa, duen helburu bikoitzagatik. Gainera, saskian kalitatezko piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak… aurkituko ditugu, bai etxean jenero onak dastatzeko, bai gabonetan, lagun, senide edo bestelakoei opari eder bat egiteko.
Egun gutxi barru Durangaldean ere izango dugu aukera kanpaina honekin bat egiteko; ikastoletan, euskaltegietan, Plateruenean, Berbaroren egoitzan, LAB sindikatuaren egoitzan zein beste hainbat lekutan. Ateak zabalik ditu auzolan honek; hona hemen informazio zabalagoa: