Jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2014ko uzt. 11a, 08:40

Jai hotsa datorkigu nahinondik, baina oihartzunik ozenena Iruñea aldetik heltzen zaigu egunokaz. Nork ez du behin edo behin Nafarroako hiriburuko jaietara hurbiltzeko irrika izan? Ahaztezina lehenengoz joan nintzeneko parranda. Harrezkero ere egun-pasa ederrak egin ditudala aitortu behar.


Euskal Herriko jairik entzutetsuenak omen dira, eta mundu osotik Iruñeratzen da jendea, batez ere, entzierroek erakarrita. Egia esan, ez dut inoiz ulertu zezenen aurrean arineketan eta bizia arriskuan jartzeak gizonei sortzen dien emozioa, baina bakoitzak bere gustuak dituenik ezin ukatu.
Deigarria hango eliza eta herri agintariek galaz jantzita egiten duten prozesioa. Zinegotzi bakoitzaren jantziak 3.000 euro balio duela irakurri dut. Hogeitakaz zinegotzi izanik, atera kontuak; 80.000 eurotik gora, eta antza Edurne Egino zinegotzia izan da trajeari uko egin dion bakarra. Ohitura? Tradizioa? Beti elizaren atzetik ibili behar ote dugu? Gainera, aurtengo prozesioko irudiak ikustekoak dira, jendea “UPN kanpora!” oihuka, eta udaltzainak agintariak babestu ezinda.
Nik aukeran gurago gure inguruko jaiak eta ikuskizunak, hortxe ditugu auzuneetakoak zein Zaldibar, Otxandio eta Garaikoak. Ezin aipatu barik utzi Zornotzakoak, entzutetsuenak ez badira ere, luzeenetarikoak. Bertan ere hainbat ikuskizun interesgarri egongo dira, eta, garrantzitsuena, herritarrek partaide sentitzeko aukera izango dute.
Jaiak disfrutatzeko eta egunerokotasunak sortzen duen zama astunetik irteteko abagune paregabea dira. Disfruta dezagun jaietan, eta, mutilok, kontuz! Ez ahaztu andreok aspaldian darabilgun aldarria: “Ezetza, ezetza da jaietan ere”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!