Haziak

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2014ko mai. 16a, 08:30

Hainbat bider entzun dugu San Jurgi artoa ereiteko goizegi, San Marko artoa ereinda balego dioen esaera zaharra. Honezkero hainbat nekazarik ereingo zituen arto-babak eta osterantzekoak ere. Bada oraindik lurra hotz dagoela dioenik ere.


Dena dela, itaun bi datozkit burura: Zelako artoa erein ote dute gure baserritarrek? Zelako haziak erabiltzen ote ditugu gaur egun? Izan ere, ohiturak aldatu egin dira. Lehen ez genuen ia hazirik erosten. Haziak batu eta gorde egiten ziren, eta, ereiteko saioan, ingurukoekin hazi-trukea ere ohikoa izaten zen.


Gaur egun, ostera, erosi egiten ditugu haziak euren jatorriari askorik erreparatu barik, sarri askotan hazi transgenikoak ere tartean izanik. Ezin ahaztu, baina, hortxe hortz zorrotzekin ehizan dugun Monsanto hazi sortzaile eta ekoizle munstroa, haziak ez eze, pestizidak, herbizidak eta ingurumarien bidez munduko elikaduraren kontrola bereganatu duen multinazional boteretsua.


Arrisku horretaz jabeturik, joan den hilabetean Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egunean hazien defentsa egiteko deia egin du Vía Campesina erakundeak, hain zuzen ere, baserritarrek erabiltzen dituzten hazien defentsa egin dute. Erakundeko kideen esanetan, “haziak elikadura burujabetzaren funtsezko oinarrietako bat dira”.


Gure esku dago hazietatik hasten den burujabetza zaindu eta lantzea. Hazitik dator fruitua, hazitik gure janari eta elikadura. Has gaitezen hazi egokiak erabiltzetik. Hortxe dugu lagungarri, besteak beste, Euskal Herriko Hazien Sarea eta sare horrek argitaratutako Ohiko baratz landareen haziak gordetzeko gidaliburua. Eutsi diezaiogun geure autonomiari. Libra gaitezen Monsanto eta antzekoen mendekotasunetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!