Arrakasta

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2013ko abe. 13a, 09:44

Astegoien betea izan dugu Durangon: liburu, disko, musika, film, dantza, antzerki...

 

Zer ez! Aukera zabala izan dugu durangarrok eta bertara hurbildu direnek. Eguraldia ere lagun izan dugu, gainera. Jendetza itzela izan da Durangoko kale zein azoketan. 120.000 pertsona kontatu ei ditu Landako Guneko sarreran dagoen kontagailuak. Bada gero! Salmentak ere ez ei dira txarto joan. Datu pozgarria krisi garaian. Arrakasta izan dute zalantzarik barik gure sortzaileek.

 

Hala ere, erakunde publikoetatik diru gutxiago jaso ei dute antolatzaileek, eta gastuei aurre egiteko larritasun bat edo beste izango ote duten zurrumurrua ere badabil. Baliteke kulturarako eta hezkuntzarako diru gutxiago egotea; hori ez da berria. Abiadura Handiko Trenak, ostera, 366 milioi euro eroango dizkigu datorren urtean. Beharbada, diru publikotik jasotakoaz konpontzen gineneko sasoia joan egin zaigu, eta beste diru iturri batzuetara jo beharko dugu aurrerantzean. Nora jo ordea? Beste liburu azoka famatu batzuetan sarrera ordaindu egiten da, gurean hori egitea astakeria ote litzateke?

 

Esate baterako, Madrileko Liber izeneko azokan 5 eurokoa izan da sarrera aurten. Parisko Salon de Livren 10 euro; hori bai, 18 urtetik beherakoek, 26 urte arteko ikasleek eta langabeek dohainik izan dute. Frankfurt Book izeneko azokan, berriz, 17 euro ordaindu behar dira.

 

Ni ez nago horrelako diru tarifetan pentsatzen, baina gutariko bakoitzak euro bat ordainduko bagenu, 100.000 eurotik gora bilduko lukete antolatzaileek. Nik, behintzat, gurago dut zertxobait ordaindu eta sortzaileen eremuak mantentzea, gune murrizketak egitea baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!