Udagoienarekin batera inguruko jai giroan murgildu gara. Iurretakoak amaitu, eta Durangokoak helduko zaizkigu. Aurton, besteak beste, Dendak Bai elkartekoek bere protagonismoa izango dute San Fausto jaietan, txupinero izateko hautatu baititu jai batzordeak. Pozik agertu da Guillermo Oarbeaskoa Dendak Bai elkarteko arduraduna, izendapen hori hiru hamarkadatan egindako lanaren aitorpentzat hartuta.
Pozik egotekoa da, ohorea eta aitorpena da-eta norbere herrian txupinero izatea. Izan ere, supermerkatu handiak agertu eta hedatu direnetik, gure dendari txikiak baztertuta eta gorriak ikusten ari baitira, eta izendapen hori erosleon kontzientzia zirikatzeko aukera bikaina izan daiteke.
Dena den, nire belarrietara heldu den informazioa benetakoa bada, behintzat, laster batean, datorren urtarril edo otsailean, dagoeneko supermerkatu bi dituen kate handi batek hirugarren bat zabalduko du trenbide gunean, Durango erdian, eta horrek ez die putz handirik egingo gure denda txikien salmentei.
Hori bai, kate handiek, betiko moduan, lanpostuak sortzen dituztela esango digute. Lanpostuak sortu bai, baina zenbat desagertuko dira? Zenbat denda txikik itxi beharko ditu ateak?
Egia esan, ez dakit Dendak Bai elkarteak zer esango duen pregoian, baina nago irrintzi eta aldarrikapen indartsu bat bota beharko lukeela gure herrian supermerkatu gehiago zabaldu ez dadin. Horretan, baimenak emateko araudia egiten dutenek erantzukizun handia dute, baina erosleon esku dago denda mota aukeratzea. Nire iritziz, auzoan erosten badugu, bizitza emango diogu gure herriari, eta gainera, lanpostu gehiago eta lan duinagoa izango dute langileek.