Ba ote du zikinkeriak kulturarekin zerikusirik? Behin baino gehiagotan egin diot galdera hau neure buruari. Agian, aldagai bat baino gehiago daude tartean. Edozelan ere, espazio publikoaren erabilerarekin badu zerikusia, baita besteenganako errespetuarekin ere.
Garbitasunaren arloan, nire haurtzarotik hona pauso garrantzitsuak eman diren zalantzarik ez dago. Txikiak ginenean “prohibido escupir al suelo” kartelak zeuden autobusetan eta beste zenbait lekutan. Horrek garbi adierazten du jendeak txistua botatzen zuela. Ez zen salbuespena izaten gizonek (emakumerik ez zitzaidan inoiz suertatu) kalean lurrera gorro edo karkaxa botatzea; orain aldiz, horrelakorik nekez ikusten da. Egun, gorrorik ez, baina ohikoa izaten da txakur kakak aurkitzea. Zuhur ibili behar izaten da zenbait lekutan, mokordoren bat zapaltzetik libratzeko. Horri aurre egiteko Durangon “pipican” izeneko txakur-komunak ipini zituzten, baina egia esan, ez dut horietan inoiz txakurrik ikusi. Ez dakit zergatik.
Hori gutxi balitz, badago ohituta gauden baina, gure herrietara etortzen diren kanpotar askori deigarria egiten zaien beste zikinkeria mota bat: tabernetako mostradore ingurukoa. Jende askok lurrera botatzen ditu azukrezorro, oliba-hezur, paper eta enparauak. Gainera, taberna barruan erretzerik ez dagoenetik terrazetan ere areagotu egin da halako zikinkeria. Egia esan, ez dakit zikinkeria ekiditerik edo garbitasuna irakasterik dagoen. Uste dut lehenengo baliabideak jarri behar direla, eta horrekin batera kontzientziatze lana eta jarraipena egin. Horretan herritar guztiok gara erantzule; herri agintariek, berriz, neurriak hartu beharko lituzkete gure herrietako berdegune, taberna, kale eta inguruak garbi egon eta atseginago suerta daitezen. Gure osasunerako zein bizi kalitaterako mesedegarria izango litzateke.