Kulturaren sorkuntza eta transmisioa

Erabiltzailearen aurpegia Marian Bilbatua 2021ko eka. 1a, 08:31

Azkeneko bi astetan Kulturgintzari lotutako hiru ekimenen berri eman nahi dut gaurko zutabean.

Maiatzeko Osoko Bilkurak, Udal Gobernuak proposatuta, 95.000 euroko ‘Durango Sor(tzaileen)leku’ beka deialdia egitea onartu zuen. Deialdi horren bidez kultur arlo desberdinetako lanen sorkuntza bultzatu nahi da, eta, aldi berean, kulturgintzan aritzen diren pertsonei COVID-19ak sortutako kalteak gainditzen lagundu.

Maiatzaren 28an, urteetan Euskal Jaietan parte hartu duten 30 eragile ingururi aitortza eginez hasi genuen aurtengo Euskal Jaien programazioa, euskal kulturaren adierazpen eta estilo mota desberdinak biltzen dituen ekimen anitzeko programaz gozatzeko aukera ematen diguna.

Ekainaren 1ean, berriz, bukaera eman diogu Udal Gobernuak Emun aholkularitzaren laguntzaz martxan jarri zuen “Plateruenaren diagnostikoa parte hartze prozesuari”.

Prozesuan antolatutako bost tailerretan kulturgintzaz aritzen diren eragileen ahotsa jasotzeko aukera izan dugu. Zutabe honek dituen mugek ezinezkoa egiten didate prozesuan jasotako ekarpen guztiak aipatzea. Horregatik, bat azpimarratu nahiko nuke: Durangoko Kulturgintzaren gabeziak identifikatu eta estrategia eta plan orokor bat egiteko beharra.

Plan orokor honek behar, baliabide eta kudeaketa egokiak identifikatzeaz gain, Kulturgintzan aritzen direnen arteko harremana eta kohesioa areagotu eta Plateruenaren biziberritze planaren zutabeak indartuko lituzke. Aipatutako ekimenak EHBilduk euskal kulturgintzaren alde duen konpromisoaren isla txiki bat dira, nire ustetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!