Martxanterei egindako omenaldian txikitako oroimenak partekatzeko aukera izan dugu. Orduko emakumeen lan baldintza gogorren testigantzak jaso ditugu eta, zoritxarrez, gaur egun ere, zenbait sektoretako emakumeek bizi duten lan prekarioekin parekatu daitezkeela ikusi dugu.
Durangoko Udalak sortu duen migrazioaren bekaren berri ere izan dugu hilabete honetan. Beka honetatik sortuko den lanak 1950eko hamarkadatik aurrera estatutik etorritako pertsonen orduko errealitatea jasoko du eta Durangoko bilakaeran hain garrantzitsua izan zen gertakaria hobeto ezagutzeko aukera emango digu.
Apirila amaitzear zela “Amaren Intxaurrak” ekitaldiari lotuta gereziondo baten landaketan parte hartu genuen haur eta helduok. Hildakoak gogoratzeko espazio bat sortzeaz gain, bizitzaren balioaz jabetzeko tresnak partekatu genituen: kantak, olerkiak, dantzak. Une zoragarria bizitzeko aukera eskaini zigun Porrotx pailazoak gidatutako ekitaldiak.
EH Bildun ziur gaude aukera hauek guztiak baliagarriak egingo zaizkigula Durango hobe bat eraikitzeko. Izan ere, izan garena ezagutu behar dugu izan nahi dugunak sustrai sendoak izan ditzan.