Zer dugun helburu

Erabiltzailearen aurpegia Leire Vargas Nieto 2021ko aza. 25a, 08:30

Ez dakit txikitan inoiz “nagusitzen naizenean idazlea izan gura dut” esan ote nion amari. Ez dakit, halaber, idazle berba entzutean zer irudi etortzen ote zitzaidan burura garai hartan, ezta noiz hasi zen argazki hori produkzioan oinarritutako egungo sistemaren baldintzak barneratzen. Baina noizbait igaro zen idazlea “idazten duen pertsona” dela dioen definizio instintibotik hainbat exijentzia gehigarri barnebiltzen zituen etiketa izatera. Argitalpena, esaterako. Edo munduaren errekonozimendu eta laudorioa.

Niri ere sartu zitzaidan buruan ideia hori, komertzial eta errentagarri izatean oinarritutako jardunaren definizioa, egungo sisteman gure denbora merezi duten jarduera guztiak bezala. Eta, halaber, salgarria ez izatearen eta ez funtzionatzearen arteko lotura. Eta zer ari zara egiten zure denborarekin, zure bizitzarekin, probetxuzko zerbait egin beharrean inork irakurri gura ez dituen berba-sorta klixe eta baliogabeak dokumentu eragabeetan pilatzen.

Baiezko bat jasotzen duzunera arte. Demagun, sari bat. Eta horrekin, bat-batean, bazara idazle.

Mila urtez lurpean egon den harri zatia ondare bilakatzen duen berberak bihurtzen du saritua idazle. Baina zergatik da horren beharrezkoa aurkitzailearen figura? Zergatik behar dugu kanpokoen onarpena, eta industria bat sostengatzen dutenena bereziki? Eta zergatik da inoiz baino pisuzkoagoa berme hori sortzailearen identitatea hegemoniatik aldentzen denean?

Idaztea da idazle izateko lehenengo baldintza, musika egiten duena musikari eta zapatak egiten dituena zapatari izan daitekeen era berean, produzitutakoa salgai bihurtu edo armairuen goikaldeko tiraderetan gordetzeko egin. Eta sariak sariak dira, aitortzak, baina ezein sorkuntza ez da aitortzatik hasten: lanak sostengatzen du saria. Nago ez ote dugun maizegi aitortza jaso izana bera zoriontzen, haren atzekoari begiratu ere egin gabe: lan bat, norbaiten zatitxo bat gordetzen duena eta gure arreta merezi dezakeena. Sistemak irentsi duelako baino ez luke sortzaileak lanaren osteko ordaina bilatuko azken muga lez. Ez ditzagun bitartekariak helburu bihurtu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!