Zenbat estimulu gorputz batean, buru batean, zenbat jende nola mugitzen garen ikusteko; baita gure irudia ezkutatzeko ere. Hainbeste, ze nor garen ere ahazten dugun; itxuraz, behintzat. Askapen bat da, biharamunean damu formako buelta ekarri ohi duen askapena. Baina zerengandik gura dugu askatu? Izan ere, zerrendatutako ekintza horiek eta, zehaztu ez arren, jai-giroarekin lotutako beste hainbat ez dira jendarteko arau orokorren pean guztiz gaitzesgarriak, ezpada guk geuk eraikitako kode etiko zurrunetan oinarrituta lotsa eragiteko modukoak. Eskuarki, zorrotz betetzen ditugu geure erregelak, eta hala egiten ez dutenak aise kritikatu. Salbuespen bat ezartzeko parada emango digun testuingurua aurkitu arte.
Ukaezina da giroak eragin egiten duela, baina ukaezina da, halaber, badaudela guk geuk eraiki edo bilatutako testuinguruak. Eta agian planteatu behar genuke zerk garamatzan gure ideologia zurrun horren tarteetan salbuespen-egoerak sortzeko beharra sentitzera. Gure printzipioak gizaki batentzako sostengaezinak ala haien atzeko eustazpiak uste baino hauskorragoak direla ote? Eta, horren baitan, zerk hurrera gaitzakeen bizimodu osasungarriago batera: bai geure buruari eta bai ingurukoei era iraunkorrean uhala askatzeak, edo, ideologia zorrotz batetik kritikatzeko eskubidea sentitzearen truke, tarte batez lokabetuko gaituzten aitzakien antsiaz irauteak...