Zertaz salbu

Erabiltzailearen aurpegia Leire Vargas Nieto 2021ko urr. 22a, 12:06

Zentzurik eta erreparorik gabe dantza egiten dugu. Hitz egiten dugu beste uneren batean lotsak aldendu dizkigunarekin. Gustatzen ez omen zaizkigun kantak abesten ditugu. Oihuka egiten dugu berba, eta berba egitearen barruan sartzen ez diren oihuak botatzen ditugu. Kontatu behar ez genituzkeenak aitortzen ditugu. Beroaren beroaz kamiseta tolesten dugu inoiz baino azal gehiago erakusteko. Disimuluz urri dauden begirada flirtzaleak botatzen ditugu. Hurbiltzen gara edonorengana pega-pega eginda mugitzeko. Gehiago ere hurreratzen gara. Eta ez nik ez beste inork kontatu gura ez dituen beste zenbait.

Zenbat estimulu gorputz batean, buru batean, zenbat jende nola mugitzen garen ikusteko; baita gure irudia ezkutatzeko ere. Hainbeste, ze nor garen ere ahazten dugun; itxuraz, behintzat. Askapen bat da, biharamunean damu formako buelta ekarri ohi duen askapena. Baina zerengandik gura dugu askatu? Izan ere, zerrendatutako ekintza horiek eta, zehaztu ez arren, jai-giroarekin lotutako beste hainbat ez dira jendarteko arau orokorren pean guztiz gaitzesgarriak, ezpada guk geuk eraikitako kode etiko zurrunetan oinarrituta lotsa eragiteko modukoak. Eskuarki, zorrotz betetzen ditugu geure erregelak, eta hala egiten ez dutenak aise kritikatu. Salbuespen bat ezartzeko parada emango digun testuingurua aurkitu arte.

Ukaezina da giroak eragin egiten duela, baina ukaezina da, halaber, badaudela guk geuk eraiki edo bilatutako testuinguruak. Eta agian planteatu behar genuke zerk garamatzan gure ideologia zurrun horren tarteetan salbuespen-egoerak sortzeko beharra sentitzera. Gure printzipioak gizaki batentzako sostengaezinak ala haien atzeko eustazpiak uste baino hauskorragoak direla ote? Eta, horren baitan, zerk hurrera gaitzakeen bizimodu osasungarriago batera: bai geure buruari eta bai ingurukoei era iraunkorrean uhala askatzeak, edo, ideologia zorrotz batetik kritikatzeko eskubidea sentitzearen truke, tarte batez lokabetuko gaituzten aitzakien antsiaz irauteak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!