Zenbat borroka mundua eraldatzearen alde, espazio justuago baterantz hurbiltzeko, askatuko gaituen eremu baterantz. Ongizatea lehentasun izango duen sistema baterantz.
Zenbat aldiz galdu dugun burua eskematan eta albokoari begiratzea ahantzi. Hain humanista, hain militantea den inguru honetan, non hiruhilabetean behin bost elkar-zaintza ariketa egin eta txostena betetzen dugun, zenbat elkarrizketa entzun ditugu gure bizimoduak eragiten dizkigun gazi-gozoen inguruan? Zenbat negoziaketa eraman ditugu aurrera bizilagunekin partekatzen ditugun espazioak sinbiosi-harremanetan oinarritzeko? Eta ez diot lantokian norbait berria sartzen denero bilerara deitu behar denik bakoitzaren paperak baimentzen dituen zirrikituak zehazteko. Baina bai, denon artean moldekatzen ditugun espazioetan, eta nahi batetik abiatuta sortu ditugunetan bereziki, saiatu beharko ginatekeela gure hartuemanak parte-hartzaile guztien ongitasuna bermatuko duen oreka bat lortu eta mantentzerantz bideratzen. Familia, edo etxea, edo lagunartea ez direlako guda-zelai, edo ez luketelako hala beharko. Eta eguneroko ohiturak birpentsatzean eta, behar izanez gero, eraldatzean datzalako (sistema neoliberalak irakatsi dizkigun) jokabide indibidualistetatik ihes egiten saiatzea. Gure jokabide oro delako politikoa, errimadun aldarriak eta ekimenak bezainbat, agerian edo ezkutuan egon, guk hala ikusi gura ala ez. Eta, era globalean pentsatzekotan, funtsezkoa delako, lehenengo eta behin, kidea ulertzen saiatzea.