Kapitel eta almenak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Vargas Nieto 2021ko mai. 7a, 08:30

Hizkien gainetik pasatu dut hatz lodia, izen ezaguna ikusteak piztutako zirrara irribarrean. Azala zabaldu eta abiatu naiz aurretik atzera atalez atal, begirada goitik behera eraman eta berriz gora itzuliz. Eta, ezustean, izerdi arrastotxoa nabaritzen hasi naiz, orrialde bereko lehen lerrora enegarren itzulia hastearekin bat; korapilotxoa sortu zait zentzu bi izan zitzakeen hitzaren eta harrapaezina zaidan ertz bat gordetzen duen metaforaren aurrean.

Gogora ekarri dut kidearen irudia eta bertan ere egin dut oinetatik bururainoko ibilbidea. Lasaigarria gertatu zait orezta eta zimurrak kokatzeko gai izatea, eta arreta berriz liburuan finkatu dudanean kolpatu nau paperetan gordetzen den bihurgune eta toles kopuruak, zeinek ozta-ozta baino ez naizen ikuskatzeko gai izango. Ezagunen ekoizpenak aztertzeak sorpresak dakartza; askotan pentsatu ohi dut: uste baino handiagoa da laguna, edo uste baino urrutiago nago ni. Liburuko hitzek hainbat zentzu eta konnotazio dituzte, eta elkarren ondoan paratuz eraikitzen dituzten gazteluen kapitel eta almenak lausoak zaizkit maiz. Ez da erabateko logika edo azalpenik geure buruak ulertzeko sortzen ditugun ekoizpenen ostean.

Eta beldurgarria da pentsatzea ezin hurbilago dugun norbaiten baitan usnatzen ez ditugun gauzak konprenitzen ditugunak baino gehiago direla. Oxala guztiok “liburu irekiak” bagina! Oi, baina hemen nago ni, lagunak idatzitakoa parean, bosgarren ahapaldia ulertu ezinik. Akaso irekita daudenean iradokitzen dituzte sekretu gehien liburuek, gure gorputz biluzek zirrikituak eta zokoak dituzten era berean. Segurutik, hutsala litzateke inongo orbanik eta markarik gabeko azala, metonimia bako poemak tarte laburrerako entretenituko gaituen bezala. Poetikotasunak eskatzen du ariketa, errepika, baina hamaikagarren irakurketan ere xehetasun berriak aurkitzeko aukera ederra eskaintzen du. Nik ere gura izan dut inoiz ekuazio soil baten bidez ingurukoak ulertzeko gai izatea. Baina literatura urria da esanahi bakarreko berbetan, ez da hala?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!