Orain, negar

Erabiltzailearen aurpegia Leire Vargas Nieto 2021ko mar. 12a, 08:30

“Bai, baina ni ez naiz batere triste edo gaizki egotekoa…”, ziostan lagunak. Lehenago bereziki hurko sentitu zuen gaixotasunaren inguruko albiste bat zuen entzuna, eta hark beragan eragin izana ulertzekoa zela iradoki nion nik. Bekatua balitz bezala hitz egiten zuen goibel egoteaz, norberak egiten duen hautu bat bailitzan ia, eta hautu okerra betiere.

Ingurura begiratzen hasi eta begien bistara jaurtitzen dizkiguten irribarreak eta argazki alaien inbentarioa egiteari ekin nion: iragarkietan (non produktu bat eskuratzeak arrunt zoriontsu egingo gaituela erakusten diguten), telesailetan (non malkoak usu bihurtzen diren parodia edo eraikitako pertsonaiaren izaera dramatikoaren erakusgarri), eta bereziki sare sozialetan, non guk geuk eraiki dugun alaitasunaren eskaparatea, ona eta desiragarria den guztiarekin lotzen diren keinuak erreproduzitzeko espazioa eta neurrien ertzetan puntako bihurtzen diren planez gainezka gaudela erakustekoa. Eta nago ez ote diguten sinetsarazi debekatuta dagoela triste egotea, ez ote dugun elikatu zoriontasunaren kultura bat.

Baina geure burua engainatzen gabiltza negarrari eustean tristura desagerrarazten ari garela pentsatzen badugu; kontrara, pilatzen-pilatzen doaz gai sukoiak gure sabeletan, eztandarako txinparta noiz iritsiko. Horrela ikusten dugu, esaterako, azken hilean bosten bat egin dutela gora elikadura nahasteei lotutako ospitaleratzeek, irensten saiatutako barne-ezinegona kanporatzeko bide bihurtzen diren jokaerek eraginak. Ezjakintasunez eta mugatzez jositako egoera pandemikoan herritarrok bizi dugun ezontsaren erakusgarri ote? Agian, ordea, txanda heltzen zaionean tristeziari lekua uzten, izena jartzen eta ulertzen irakatsiko baligute, zertxobait desberdina litzateke egoera.

Ruperrek abesten du ingurua eta norbere burua ezagutzeaz mintzo den kantuan “orain barre, orain negar”, hain baita garrantzitsua baten esanahia ulertzeko bestea sentitzea. Eta albisteak minez, mugaz eta galeraz tindatuta datozenean…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!