Amesteko denboraldia?

Erabiltzailearen aurpegia Koikili Lertxundi del Campo 2018ko uzt. 22a, 08:30

Denboraldi-aurrearen hasieran gauden honetan, galdera hau bolo-bolo dabil Athletic zaleon elkarrizketa ugarietan. Izan ere, aldaketek normalean beldurra sortzen duten arren, funtzionatu ez duenak halabeharrez eraldaketa eskatzen du. Eta hori da zehazki Athleticek egin duena, entrenatzaile zein jokalari berriak fitxatu ditu denboraldi berriari begira.

Horrela, baikortasunean eta ilusioan oinarritutako egoera eta giro berriak sortzen dira, taldearen inguruan konfiantza berreskuratuz. Hori bai, egoera horretatik amets egitera salto handia dagoela uste dut, gero berdegunean demostratu behar baita ea noraino iristen den taldea.

Halere, ni baikorra naiz eta zintzoki uste dut datorren denboraldia ona izango dela Athleticentzat, kalitate handiko jokalariak eta entrenatzaileak ditugulako eta, batez ere, lehiaketaren maiztasunak asko baldintzatzen duelako errendimendua. Hau da, partidatik partidara prestaketa nahiz errekuperaziorako sei egun izateak, taldeari bere mailarik gorena lortzen lagunduko dio. Bide batez, epeen malgutasun horrek entrenatzaileari jokalariak ondo ezagutzeko beharrezko denbora eta patxada emango dizkio. Ondoren, esan bezala, berdeguneak erakutsiko du ea noraino amestuko dugun, baina baloia mugimenduan jarri aurretik, kanpo nahiz barne baldintzak egokiak direla esango nuke.

Aupa Athletic, orain eta beti!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!