Egia esan, partida aurretik itxaropentsu nengoen, Realak entrenatzaile aldaketarekin bat etxean emandako maila nahiko altua izan delako eta Athleticek azken bi irteeretan (Madrigal eta Bernabeu) erakutsitakoa aintzat hartzekoa izan delako.
Baina ez batak ez besteak ez zuten aurkaria jokoaren bitartez luzaroan gainditzerik izan. Eta horrelakoetan estrategiazko jokaldiek berebiziko garrantzia izan ohi dute. Eta hor bai, txuriurdinak nagusi izan ziren, beraiek ere horrelako jokaldietan majo sufritu arren. Nire ustez, Athleticek hiru arazo nagusi izan zituen. Lehenbizi, faltak, alboko sakeak eta kornerrak ekiditeko arazoak; bigarrenik, hauek defendatzeko kontzentrazio maila ez oso fidagarria. Azkenik, Canalesek ezker hankan duen talentua.
Kontuak kontu euskal derbia Realak eraman zuen. Athletici, aldiz, aurtengo zaplaztekoen motxila astunean beste harri pisutsu bat sartu zaio.
Hori bai, ene ustez mingarriena Iñigo Martinezek eta taldekideek autobusetik atera orduko jasotako irain zaparrada izan zen. Irain oso gogorrak, errespetu bakoak, hiltzeko desioak entzuteraino.
Badirudi egungo gizartean eta kirolean balio garrantzitsuak zaintzen ari direla, baina errespetuaren baitan badaukagu zer egin. Publikoa subiranoa da, bai, baina zenbait marra pasatzea ez genuke onartu behar!