Eta hori da, hain zuzen, Athletici gertatu zaiona, gora behera asko, alegia. Ligan partida gehienak galtzetik, gehienak berdintzera eta noizean behin baten bat irabaztera pasatu da, Kopan bigarren B mailako talde baten belarrandokoa, Yerayren itzulera, Laporteren agurra, Iñigoren ongi etorria, jokalari askoren kontratu berritzeak (Kepa barne)...
Nahaspila honetan helburuak argi izatea eta, ondorioz, erregularra izatea ez da erraza; horren lekuko, aurtengo denboraldia. Hala ere, gutxi falta bada ere, oraindik bi txapelketatan murgildurik gaude. Aukera ederra, beraz, bietan aurrera egiteko. Hori bai, Europan aurkariak geroz eta indartsuagoak izanik eta igandean Atletico Madrilen etxera goazela ikusirik, taldeak bere bertsiorik onena erakutsi beharko du eta jokalariek duten onena eman beharko dute nahitaez.
Eta ez hori bakarrik, konfiantzaz lar osasuntsu ez dagoen taldeak bere zalegoaren aupada behar duela uste dut. Barrutik eta kanpotik, kanpotik eta barrutik. Denboraldiko une erabakiorrean gaude eta guztiok norabide berbera hartuz, egoerari buelta eman eta ezinezkoa dirudiena lorgarri bilaka genezake!
Beraz, utz ditzagun gure desadostasunak alde batera eta elkar gaitezen. Aupa ditzagun gure mutilak eta berreskura dezagun ilusioa! Izan gaitezen Danok Bat!