Beraz, emaitzaren eta denboraren arteko harremana gatazkatsua da, bai edo bai, are gehiago lehiakortasunari dagokionez, taldeak orain arte erakutsi duen lehiakortasuna irregularra izan denean.
Horrela, gure Athletic kutunera joz, aipatutako harremana egoera kaskarrean dagoela antzeman dezakegu, barruan daudenek (zuzendaritza, entrenatzaile, teknikari, jokalari...) denbora eskatzen duten bitartean, kanpoan dauden askok denbora agortu dela diotelako.
Nire iritziz, taldeak denbora behar du zaletuok ditugun espektatibak bete ahal izateko. Zergatik? Aulkian eta jokalarien artean aurpegi berri asko daudelako (Ziganda eta bere taldea, Cordoba, Nuñez, Vesga...), berriak ez baina orain arte protagonismo handirik izan ez dutenak daudelako (Saborit, Aketxe...), aurreko denboraldietan maila handia eman duten jokalariak aurredenboraldian lesionaturik egon direlako edo egun daudelako (Iturraspe, De Marcos, Yerai, Beñat...), entrenatzaile baten zikloa bukatu eta hurrengoa hastean emaitzak ez direlako berehalakoan etortzen, jokalariek entrenatzaile berriaren zigilua ulertu, sinistu eta asumitu behar dutelako...