Zentzu honetan, azterketa sakonagoa gauzatzen badugu, ondorio berrietara iritsi gaitezke. Horietako batek taldearen beraren nortasunarekin lotura zuzena du, nortasun historikoarekin alegia. Hau da, aurtengo denboraldia historian zehar Athleticek egindako denboraldi anitzen ispilu da. Izan ere, ligako partidak aintzat harturik (kopan eta Europa Leaguen joera baieztatzen den) etxean partidak ateratzea lortzen du (10 irabazi, 3 berdindu, 1 galdu); kanpoan, ordea, ezinean (2 irabazi, 2 berdindu, 8 galdu, 8 puntu). Etxetik kanpo ligako azken bosgarren taldea da.
Beraz, egoera hau ez da berria, Malagaren partidaren bukaeran ‘Dani’ jokalari mitikoak aipatzen zidan bezala. Ordea, zentzu askotan ezberdintasun nabarmenak daude (jokalariak, futbolaren garapena..), baina, nire ustez, azpimarragarriena hauxe da: Europan sartzea nahi badugu, etxean sendo jarraitzeaz gain, kanpoan puntu gehiago pilatu behar ditugu. Horren lekuko gaurko egoera: 27. jardunaldiaren atarian, 7. postuan gaude, Europatik at, baina postu bakarragatik, zehazki 4 puntugatik. Ez gara heltzen! Eta joera aldatzeko, zer hobeto Realaren kontrako derbia baliatzea baino? 3 puntu edo 1, baina pilatzea nahitaezkoa! Orain eta beti, aupa Athletic!