Zein da zure aukera?

Oraintsu bukatu diren Espainiako futbol liga profesionalek berri historiko batekin eman diote amaiera, izan ere 5 euskal talde arituko dira lehen mailan 2016-2017 denboraldian.

Egoera hau ez zen 1930.urtetik ematen. Hortaz, 86 urte igarota, nahikoa izan daiteke historikotzat jotzeko. Baina, ordutik, futbola asko aldatu da, eta egun 5 euskal talde egoteak orduan baino eragin handiagoa du duda barik. Kirol arloko eragina, eragin soziala, ekonomikoa eta politikoa.

Guztietatik bat azpimarratzekotan sozialki izan dezakeen eragina aipatuko nuke, 4 hiriburu erreferente zuzenean ordezkaturik egongo direlako, eta gainera, Eibarren “miraria” bizi bizirik dagoelako.

Asko pozten naiz beti maite izan ditudan euskal taldeak hain osasuntsu ikusita. Gainera, bai Bilbon bai gainontzeko tokietan zuzenean partidez gozatzeko aukera sekulakoa izango delako.

Hori bai, bihotzez espero dut zelai kanpoan anai-arreben artean sortzen den giro armoniotsua zelai barruan ere antzera mantentzea.

Futbola ez da euskaldunen arteko ezinikusia areagotzeko tresna gisa erabili behar, guztiz kontrakoa, norberaren koloreekiko harrotasuna eta elkarrekiko anaitasuna indartzeko baizik. Beraz, noan tokira noala, nik Athletic animatuko dut, energiak hor utziko ditut, eta ez anai-arrebak iraintzen. Zein da zure aukera?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!