Izan ere, horrelako kirol ibilbidea egin duten kirolari gutxi daude, are gutxiago maila handiko kirolariak direnean, are gutxiago azken 25 urteetan futbolaren profesionalizazioak jokalarien (merkantzien) etorkizunean eragiten duen joan-etorriari erreparatzen badiogu. Paolo Maldinik, espekulazioaren atzaparrak gainetik kendu, eta Athletic zaleoi hain garrantzitsua iruditzen zaigun kidegotza sentimendua bizirik dagoela frogatu digu.
Ez hori bakarrik, bere ibilbideko azken urteetan taldeko kapitaina izateak sentimendu hori transmititzeko aukera paregabea eman dio, baita egin ere. Hain nabarmena izan da berak utzitako hazia, harrigarria iruditu arren, beste herrialde, liga eta kultura bateko Clubak omendu duela.
Eta harrigarria dirudien arren, ekimen honek hausnarketarako galdera hau uzten dit: futbol munduak eta Athletic Clubak kidegotza sentimendua sustatu, sendotu eta transmititu beharra dute?
Erantzuna bilatzen dugun bitartean, lerro hauek balio dezatela bera ezagutzeak sortu zidan mirespena azpimarratzeko. 2007an San Mameseko berdegunean eta aldageletan admirazio hori zuzenean aitortzeko pagotxa izan bainuen.
Niretzat bere jarduna, pertsona eta kirolari erreferentzia bat izan denez, agurtzeko hiru hitz besterik ez:
Eskerrik asko, Capitano!