Txioak geroz eta ozenago

Azkenaldian, badirudi txantxangorriaren txioa geroz eta ozenago entzuten ari dela EHko bazter ezberdinetan. Kirol esparruan eta, zehazki, futbol arloan, nabarmenak izan dira kanpainaren markak.

Agian, esanguratsuena, Athletic eta Eibarren San Mameseko derbian eginiko keinua izan zen: partida aurretik jokalariak txantxangorriaren kamisetekin atera ziren. Berez, soilik sinbolikoa izan zela ondoriozta daitekeen arren, sakonean mezu potente bat gordetzen du, hainbeste pertsona mugitzen duen ikuskizunari zuzenean bidalitakoa. Mezu hori hitz batekin laburbil daiteke: TXIOKATU!

Hau da, futbol munduari euskaraz txiokatzeko gonbita luzatzen zaio, erabileran baitu euskarak bere erronka nagusienetarikoa. Eta futbola hainbeste maite dugunok badugu, zentzu honetan, desafio handi bat, esparru honetan, gaztelaniaz bezala euskaraz ere goza dezakegula frogatzea.

Gaur egungo belaunaldiek duten ulermen maila kontuan izanik, aipatutako helburua berez etorriko dela pentsa genezake. Ordea, gaztelaniak bereganaturik daukan esparru elebakar honetan, ugariak dira oztopoak, batzuetan baita ulermen aldetik arazorik ez duten pertsonez osatutako erakundeek jarritakoak ere.

Horretaz ohartu, eta euskara bere estrategian aintzat hartzen duten kirol elkarteak gero eta ugariagoak dira, eta eskertzekoa da: Astrabudua, Erandio, Bermeo, Zamudio, Galdakao, Umore Ona, Biziak, Uritarra, Arteaga, Sondika, Uritarra, Ugeraga…baita eskola eta ikastola asko ere. Jarraitu golak euskaraz ospatzen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!