Epaileak epaile

Beti dira bereziak Athletic vs. Bartzelona norgehiagokak, kopako kanporaketak izanik, oraindik bereziagoak. Duda barik, kutsu propioa daukate, gau handien aurrekariak ugariak baitira. Eta aurrekariez mintzo, kanporaketa honek badu bere xarma. Batetik, 10 egunetan, udan bezala, 3 aldiz elkar topo egingo dutelako. Bigarrenez, super-kopako tituluaren lorpena denboraldi honen hasieran izan zelako. Azkenik, epaileen lana luparekin begiratua izango zelako, batez ere katalanen aldetik, hainbaten harridurarako.

Eta, zentzu honetan, ligako partida baldintzatuaren ondoren, harritzekoa iruditu zitzaidan Luis Enrike, prentsa agerraldian inork epaileari buruzko galderarik egin ez zionean, oso arduratua egotea epailearen izendapenarekin. Izan ere, epaile honekin, Espanyolen aurkako kanporaketa aise gainditu ondoren, eta ligako 11 partidetatik 9 irabazi eta 2 berdinketa lorturik, zeren beldur zen?

Egia esan, Athleticentzat egoera honek badu irakurketa positiboa, munduko talderik indartsuenak horrelako trikimailuetara jo behar duenean, errespetatzen zaituen seinale izan ohi delako.  Hori bai, errespetua zelai barruan irabazi behar da, iraganeko lorpenetan lagundurik eta aukera berrietan neurria emanez. Beraz, izan dezagun konfiantza talde honetan, oraindik aukera baitago kanporaketari buelta emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!