Batetik, denok tristetu gintuen emaitza; bestetik, euskaldunon ezaugarri aparta den harrotasunak ematen digun poztasuna. Tristura vs poztasuna, lehiakortasuna vs harrotasuna. Egia da, epe motzean, ertainean eta luzean, athleticzaleak zoriontsuak izateko kontraesan hau haustu beharra dagoela, baina futbol profesionala mundu lehiakor eta krudela da, eta, hala ere, galdu duena bere taldeaz hain harro sentitzea duda barik garaipen handia dela ondorioztatuko nuke. Zergatik? Bizkaiko, Euskal Herriko eta mundu osoko athleticzaleak finalari esker oraindik zaleago bihurtu direlako, “Ez Barça, ez Madrid, Athletic!” gerra oihua oraindik indartsuago entzuten delako, belaunaldi berriak eskolara berriz ere zuri-gorriz doazelako (komunikabidetan Madrid eta Bartzelonarekin bonbardatzen dituzten arren), Athleticen filosofiarekin ados ez dauden oportunistei bidea ixten zaielako, horrelako balentriei esker inoiz ahaztuko ez ditugun uneak ematen dizkigutelako oraindik ere gure lehoiek…
Jokalari batek, bere barrenetik aipatzen zuen legez, “zuek zarete gure titulurik onena, gure koparik onena, gure ametsik onena”.