Ezagutzarekin nahikoa ote?

Sarri entzuten dugu euskarak baduela gainditu beharreko erronka garrantzitsu bat, hots, eskolatik atera eta normaltasunez gizarteratzearena. Ordea, esanetik ekintzara igarotzen saiatzen garenean beste hainbat trabarekin talka egiten dugu. Hortaz, agerikoa da euskaraz bizitzeko zailtasunak ditugula, ondorioz askotan gure buruari zera galdetzen diogu, zergatik?

Zergatik euskaldun izanda hainbeste arazo? Erosotasuna gure etsaia ote? Belaunaldi berriek hizkuntza ezagutzen badute zergatik hainbesteko aldea erabilerarekin? Euskaldunok benetan euskaraz bizi nahi ote dugu? Edo gaztelerarekin konpontzen gara? Erosoago egiten al zaigu gazteleraz bizitzea?

Lerro hauetan ez dago tarte nahikorik galdera orori erantzuteko, halere gizarte esparru ezberdinetan euskarak antzeko arazoak dituela ikusirik, logikoa da irtenbide posibleak ere berdintsuak izatea. Eta horietako bat duda barik jarrera da!

Maiz entzuten dugu fedeak horma guztiak botatzen dituela, egia esan errezeta egokia izan daiteke. Bestela nola azaldu hain prestaturik dauden gazteak gai ez izatea adibidez kirola euskaraz irakasteko? Edo gure seme alabek gazteleraz jakin ez eta etxean gurasoen artean gazteleraz aritzea? Edo lagun talde batean bizpahiruk arazoak dituztenean euskaraz aritzeko guztiok gaztelerara igarotzea? Edo publikora begira lan egin eta bezeroak gurekin euskaraz egin dezaketela jakin ez?

Eguneroko adibide hauek ikusirik, ez al genuke auto kritika apur bat egin behar eta ezagutzatik jarrera positibo batera igaro?

Nire ustez, jarrera baikor honek erabilera areagotzea ekarriko luke. Eta gainera, hainbeste maite dugun euskarak asko eskertuko digu beste ahalegin bat egitea gure harremana sendoa, osasuntsua eta normala izan dadin!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!