Askok jakingo duzuenez, hemeretzi urte eta gero, Otxandioko Vulcano futbol taldera itzuli naiz, eta bertan sekulako sorpresa hartu dut. Ilusioz eta gaitasunez jositako jendearekin bat egiteaz gain, futbol profesionaletik afizionaturako jauzia kolpetik gauzatu dut, hainbat lagunen harridurarako.
Oraindik sasoiz ikusten nauten arren, futbol profesionalak jendeak uste baino traba gehiago dituela gogoratzen diet, baina zaila da ulertua izatea, arrakasta sozial eta ekonomikoak dena estali ohi duelako. Izan ere, kirolari profesionala haragi merkatuaren menpe bizi da. Horretaz 19 urte nituela ohartu nintzen, oraindik afizionatua nintzela. Lesio bat tarteko, biltegira pasa, eta talde nahiz fitxa gabe gelditu nintzen. Hortik aurrerakoak ez dira erronka makalagoak izan, baina, behintzat, banekien mundu horretako arauak zeintzuk ziren.
Urteotan, interesez zipriztindutako mundu horretan ibilita, lokatzerako jauzia egitea lagungarria, beharrezkoa eta oso motibagarria suertatu zait, herrikideekin gozatu eta elkarri laguntzeak ez baitauka preziorik. Are gehiago, guretzat, Vulcanorentzat eta herriarentzat zerbait inportantea egiteko gai bagara! Beraz, non dago Olinpoa? Zeruan ala lurrean?