Hainbeste urteren ondoren, zer aurkitzen du jaietara itzultzen denak? Errekak beste ur bat darama, taberna batzuek beste izen bat dute, lagun batzuk zahartu dira, eta beste batzuk faltan daude. Inork ezingo dizkio itzuli galdutako bazkalondoak, kantatu gabeko abestiak edo partekatu gabeko gauak.
Galera guztiak ez dira berdinak, ordea. Santa Ana plazako sokamuturra lagun baten balkoitik ikusteko alarma jarri… eta loak irabaztea, esaterako. Hurrengoan izango da. Itzultzeak hori ere badakar: berriz ere «hurrengoan» esateko aukera.
Ez dira txupin baten eztandarekin berreskuratzen bizi gabeko jaiak. Aurtengo txosnetakoa Intxaurrek bota du. Aspaldi, teilatutik hasita, auzolanean altxatu zuten etxea. Atea zabalik utzi zuten; ordutik, ez denborak, ez inork ez du ixterik lortu. Aurten, luzaroan falta izan den norbaitek berriz zeharkatu du. Eta hori ez zegoen inongo egitarauan idatzita.