Martitzenean, terrazako iturrira Espainiako kamisetadun mutiko bat hurbildu zen. Edan, asetu eta ospa. Antzera, beste ehun bat ikusiko nituen asteon Donostian, Iruñean, Durangon... Ez dut akorduan horrelakorik beste urte batzuetan ikusi izana. Ezinegona, beti. Baina aurten, inoiz baino gehiago arduratu nau.
Liberi esan nion guretzat ez zela batere ohikoa irudi hura. Edo bai. Nik, behintzat, ez nuen ikusi nahi. Umetan ez nituen entzuten Espainiaren gol bakoitzarekin halako ospakizun oihuak. Azaldu nion, guri inposatutako normaltasun hau beretzat normala izango dela noizbait, agian. Eta hori ere borrokatu dezala.
Normaltasuna. Hitz arriskutsua da. Normala ez da beti naturala. Batzuetan, urte luzez iraun duen ukazio baten ondorioa besterik ez da. Zapalkuntzak ez du beti debekuen aurpegia. Batzuetan, isilago jokatzen du: gauzak horrelakoak direla sinetsarazten digu. Eta horrela, ia konturatu gabe, normaltzat hartzen dugu gure selekzioak ofizialtasunik ez izatea, gure burua ordezkatzeko aukerarik ez edukitzea.