Ingeniaritzaren, tamainaren eta aurrekontuaren distantziak onartuta, Durangon ere badugu gure erresistentzia-monumentu propioa: zurezko Mikeldi erraldoia. Hilabete bateko bizitza eman zioten, baina bertan jarraitzen du 2023tik. Orain gutxi berriro kentzen saiatu da udala, baina auzotarrek monumentua ez desegitea lortu dute. Ez da Madalenoste plazan geratuko: institutura eramango dute. Behintzat mantenduko da, nahiz eta askoren egunerokoaren parte izateari utziko dion.
Administrazioak hiztegi hotz bat dauka horrelakoetarako: segurtasuna, mantenua, iraungipena. Herriak, ordea, beste modu batera hitz egiten du. Mikeldi ez da zurezko eskultura soil bat; komunitate batek bere egin duen zerbait baizik. Administrazioaren logika hotzaren eta herri-afektuaren arteko talka.
Herrietan identitatea planifikatu gabe eraikitzen da maiz. Galdetu, bestela, Zornotzako Patatari. Monumentu handiak jendeak aukeratzen ditu batzuetan, ia konturatu gabe.