Hasi orduko ajea

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2025eko abenduaren 5a

“Tripontzia!” oihukatzen duenak esnatuko nau bihar. Durangoko Azokak iraun bitartean gorrotatuko dut. Txartel denak saltzea opa diot, baina ajea izango dut eta ez parrandagatik (bakarrik).

Kultur gune bakoitzetik harago mundu berri bat eratzen da egunotan hemen; elkar elikatzen duten izaki eta energia askoren sarea. Desberdinak elkar gurutzatzen, bakoitzak bere beroa, bere mugimendua eta bere zentzua ekarriz. Egun gutxitako ekosistema efimero, sendo eta apartekoa.

Ekosistema horretan denerik dabil: aspaldi elkartu gabeko lagunen besarkadak, ulerkera ezberdineko manifestazioak, “liburu dendan erosi”, garagardo mordoa, merchandisinga, “azoka alternatibora bakarrik”, pankartak, zozketak, konpromisoak, bilerak, familia, lankide ohiak, berriak, festa eta borroka…

Guztia kale eta egun jakinetan. Hasarre gaudenok ere topo egiten dugu, esateko dugunaren plaza ere badelako hau. Kontra izan edo alde, guztiok behar duguna.

Horregatik ajea: herri honetan gertatzen den guztia ezin delako lau egunetan asimilatu. Durangok du ahalmena hamarmilaka euskaldun eta langile ezberdin batzekoa. Kulturaren eta hizkuntzaren baitan. Halako gehiago behar ditugu Lanestosan, Barrundian edo Heletan. Bitarte horretan, Palentinoan izango nauzue, txintxorta jaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!