Egintza beraren errepikapenak eserleku bakoitza gure egin du; izterren forma hartu dute. Halaxe goaz eroso, norbera bere etxe txikian jarrita, erruberadun edukiontzi handian; une horretan, konturatu gabe, ingurukoak ez baleude bezala jokatzen dugu.
Orduantxe hasten da benetako ikuskizuna. Norbaitek ilea orrazten du, etxeko ispiluaren aurrean egingo balu bezala; beste bat makillatu egiten da autobusaren bide-zuloen arteko malabarismoan. Albalean gordetako gosariaren krakina. Lanera iritsi baino lehen lanean hasten direnak, bakarrizketa ozenak, aurikular barik musika topera entzun edota dantza ere egiten dutenak…
Autobusak erakusten digu elkarbizitza zer den… edo zer ez den. Eta nola, gu geu, eserleku erosoetatik, bidegabetasunez betetako paisaia bat margotzen ari garen: batzuek argi dute non ez eseri —arrazializatu baten ondoan, adibidez—. “Despistatu” larregi adinekoei lekua ukatuz, gidariari oihuka haserretzen zaionik, gurpildun aulkiez kexu direnak, haur-aulkiez…. Gizasemerik masturbatzen harrapatu dugu inoiz!
Autobusa da gure ispilu apurtua: zertan bihurtu garen erakusten du. Eta, tamalez, gehienetan ez da ederra irudia.