Miokimia

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2025ko api. 11a, 08:58

Beharko nuke lerro hauek idazten hasi ordurako paratu, pentsatu eta gustuz jardutea, baina arrapaladan eta denbora gutxirekin heltzen natzaio zutabe honi azkenaldian. Arrazoiak aldakorrak dira, noski. Ostera, orain % 90 lanak lapurtzen didan bizitzeko gogoa (eta aukera) da. Eta aurrekoak eragiten didan desesperazio eta miokimia ere. Falta den % 10a miokimia eragileei aurre egiteko indar eta auto-antolaketa falta litzateke. Edo ez. Gainera, zuok antzera egonda, ez nator negar egitera. Asko jota, konpartitzera (eta desenkusatzera).

Asteburuetan deskantsatu nahiko nuke. Kontua da, 'sold out' kulturaren biktima aparta naizela, eta kapitalismo kanibalak nire gozamen eta aisia urgatu duela. Planak galtzeko beldurra marketin-tresna berri gisa munduratuta, gure esperientzien gaineko kontzientzia astindu dute eta begira nola diren gauzak; bederatzi egunetan Amaraun Fabrikaren urteurren festan izan naizela, beste kontzertu punky batean, Chill Mafiaren ustezko azken kontzertuan eta Bizardunak ikusten (azken biak gauza bera iruditu zitzaizkidala beste baterako utziko dut). Hiperplanifikazioagatiko antsietateari gogor eusteko, Facu eta Miguel ikustera noa bihar. Berriro gizonezkoen poltsikoak beteta, nekea eta miokimia ugari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!