Euskal Herriko lurrek dar-dar egin dute asteon makila kolpeen eraginez; lurra esnatzeko, udaberria etorri badatorrela aldarrikatzeko. Egia esan, ez dakit lurrak zenbat denbora behar duen guztiz ernatzeko, nagiak botatzeko, baina eguna luzatu egin dela nabari da, eta polen gogaikarriak aurki lore usaina zabalduko du airean.
Hegaztiak ere udaberriko ohiko portaerekin hasi dira inoiz baino lehenago. Klima aldaketak espezieentzako arriskua dakar, ziklo biologikoen desdoitzea, gaixotasunak, ur eskasia, baso-sute gehiago izateko arriskua, alergia gogorragoak eta luzeagoak… Neguko gaitzei udaberri aurreratuak eragindako gaitzak batu zaizkie eta biei batera egin beharko diegu aurrerantzean aurre. Errazena zaigu sinestea bizitzaren aldaketei egokitzea dela onena. Neguaren iluntasunak eragiten duen animo beherakada arin pasatuko zaigula udaberriaren argitasunarekin; eta, zein maja gauden eguzkitako betaurrekoak jarrita tabernako terrazan bermut bat eskuan.